XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Altzairua egiteko puntua oso ondo hartua zuten arrasatearrek

ARRASATEKO Udalak Jose Antonio Azpiazu historialariaren El acero de Mondragón en la época de Garibay liburua plazaratu du orain dela aste pare bat.

Hamaseigarren mendean altzairugintzak herri honetan izan zuen garrantzia aztertzen du Legazpin jaio eta Oñatin bizi den Irakasle honek.

Garibay kronistaren heriotzaren laugarren mendearen ospakizunen barruan kokatu behar da argitalpena, bestalde.

Orain Martín Lopez de Isasi eibartar merkatariaren biografia egiten ari da.

-Ba al dago dokumentu historikorik Arrasateko altzairuaren kalitateaz hitz egiten duenik?

-Nik uste dut dokumenturik interesgarriena 1535 urteko bat dela. Pleito bat, alegia, Valladolideko Chancillerían dagoena.

Garai horretarako hasiak dira bizkaitarrak beren altzairua eta Arrasatekoa nahastu nahian.

Eta Arrasatekoak erantzuten dute: ez, gure altzairua gurea da, eta Bizkaikoena beste bat; eta gure kalitatea zaindu nahi dugu.

Pleito hori dela eta, hainbat testigantza jaso ziren, eta ikusten da Arrasateko altzairuari kalitatea, hasteko, Udalaitzeko meategietako meak ematen ziola.

-Zer gertatu zen, bizkaitar batzuk hasi zirela beren altzairua saltzen Arrasatekoa zela esanez?

-Zera nahi zuten, Arrasatera sartu altzairu hori, eta Arrasateko sellua eman.

Hau da, Arrasateko izena lortu nahi zuten beren produktuarentzako. Pleitoen bidez hainbat gauza jakiten dira.

-XVI. mendean, Arrasaten ia herri guztia bizi zen altzairuaren inguruan.

-Bai. Eta bostehun bat tona produzitzen ziren. Garai hartarako produzio handia zen. Mea oso erraz ateratzen zutenez, pila batzuetan edukitzen zuten, besteei saltzeko prest.

Baina gero eskasia etorri zen, batez ere inguruko oletara bidaltzen zutelako, adibidez Oñatira, kontearen olara, eta baita Aramaiora ere.

Orduan, mea agortzeko arriskua zegoela ikusi zutenean, hasi ziren esaten Arrasatek bakarrik zeukala eskubidea Udalaitzeko mea aprobetxatzeko, hori Erregeak emandako eskubidea zela eta abar.

-Frantsesek ere nahi izan zuten Arrasateko negozio handi horretan parte hartu.

-Nahi zuten komertzializatu.

Frantsesak ibiliak ziren sektore honetan, baina gehienbat burdina egiteko oletan, ez hainbeste altzairu kontuetan.

Arrasatekoak oso jeloskorrak baitziren, inorekin konpartitzeko.

Arrasatekoek bazituzten beren faktore edo ordezkariak Frantziako zenbait hiri garrantzitsutan, adibidez La Rochelle, Rouan eta Nantesen.

Horrek esan nahi du Arrasateko altzairua asko mugitzen zela.

-Arrasateko altzairu hori egiteko teknologia berezia omen zen.

-Teknikoek hobeto azalduko lizukete hori, baina, nire hitz xumeetan esanda, klabe hauek ditugu: hasteko, Udalaitzeko mea oso aberatsa zen, ez burdin asko zeukalako, baizik eta karbono asko zeukalako; eta bestetik, teknikariek orduko tenaceroek lortu zuten karbono gehiago eranstea.

Puntua ondo hartua zuten, eta hor bazegoen beste teknikari garrantzitsu bat, cortador de aguas esaten ziotena, alegia, probatzen zuena altzairua ondo egina zegoen ala berriz urtu behar zen.

Bi prozesu behar ziren altzairua egiteko.

Eta bigarren prozesuan burdinari zera eransten zioten, raya izenekoa, karbonoan aberatsa zena.

Pauso hau zaila zen, baina Arrasatek garai hartan 60-70 gizon eduki zituen bigarren prozesu hori egiteko gai zirenak.

-Inguruko herriak ez ziren ausartu altzairu egiten, nahiz mea bazuten.

-Tentazioa edukiko zuten, jakina.

Segurako kasua hor dago. XV. mendean raya zeukan mea topatu omen zuten.

Egin zuten ola bat, Altzibarkoa, eta saiatu Arrasaterekin lehiatzen, baina ola hark gutxi iraun zuen.

-Arrasateko altzairua armak egiteko izaten zen gehienbat? Ezpatak-eta...

-Bai, horretarako ere bai.

Baina baita guraize eta labanak egiteko ere.

Eta frantsesi totxotan saltzen zitzaien altzairua, panes de acero direlakoak; eta handik aurrera, beraiek mila erabilpen ematen zioten.

Eta badakigu, adibidez, kataluniarrek zilarra lantzeko tresnak egiteko nahi izaten zutela Arrasateko altzairua.

-Liburua aurkeztu zenuenean, esan zenuen susmoa zenuela Toledoko ezpatak ez ote ziren egiten Arrasateko altzairuarekin.

-Abraen abizeneko familia bati erreparatu diot. Juduak dira.

Aita Arrasaten bizi da eta seme bat dauka Toledon, bere faktore edo ordezkari.

Badakigu Abraendarrek arma-salerosketa egiten zutela, eta ez dakiguna da Arrasatetik ezpatak guztiz eginak bidaltzen zituen (hemen ere baziren ezpatagileak) ala panes de acero bidaltzen zituen, gero Toledon lantzeko.

Toledo inguruan ez zen altzairurik produzitzen.

Badakigu Arrasaterekin harremana zutela.

Dokumentalki ezer asko ez dakigu, baina susmoak bide horretatik doaz.